-
Blues
Blues hitza 1862. urtean agertu zen idatziz, plantazioetako beltzen animoaz hitz egiteko. Afro-amerikar haien sentimenduak kantatzen zituzten. Garai hartan, askatasuna lortu berri zuten blues-musikari askok bizimodu berri bat hartu zuten: hoboing deitzen zioten bizitzeko estilo berri hari. -
Ragtimea
Ragtimea pianorako musika estilo bat da, XIX. mendearen amaieran AEBn ezagun egin zena, europar musikari, Afrikako musikako elementuak nahastuz sortua. Melodia sinkopatuan, galdera-erantzun egituran eta blue noteen erabileran oinarritzen da. -
Gospela
Gospela kristau-musika mota bat da, jatorria Estatu Batuetako eliza afro-amerikarretan duena. Gospel tradizionala, hain zuzen, Estatu Batuetako eliza protestante afro-amerikarretan garatu zen. Normalean, koru batek interpretatzen du, zeinak bakarlari bat edo gehiago izan baititzake. Erritmo bizkorrak eta alaiak ditu ezaugarri; Hammond organo baten laguntza garrantzitsua izaten da. Bizitzako eguneroko arazoez hitz egiten du musika mota horrek. -
Popa
Pop musika XX. mendeko 50eko hamarkadan AEBn eta Erresuma Batuan sortutako musika mota bat da. Publiko zabalarentzat egina da, komertziala eta itsaskorra. Rocka baino leunagoa, melodiatsua eta errepikakorra da, eta hitzak, normalean, gai sinpleez mintzo dira, maitasunari buruz askotan. -
Rhythm&Bluesetik, Rock&Rollera
Rhythm and bluesa edo jumping music delakoa jazzetik, bluesetik eta gospeletik eratorritako musika genero bat da. Musika estilo hark ondorengo musikaren oinarriak jarriko zituen, modan jarri baitzituen ondoren musikan nahitaezkotzat jo izan ditugun elementu batzuk: kontradenbora eta gitarra elektrikoa. Gitarra hori, hain zuzen, musika popularreko musika-tresnarik garrantzitsuena bilakatu zen. -
Rocka
Rock musika hainbat mugimendu politiko eta sozialen bideratzaile izan da. Sexuaren eta drogaren inguruko aktibismo politikoa ere lotu da musika estilo horrekin. Larruzko jakak eta galtza bakeroek markatzen dute haien itxura. -
Folk rocka eta Psicodelia
1960ko hamarkadaren erdialdean, folk musika tradizionalari rockaren instrumentazioa eta erritmoa gehitu zitzaizkion. Folk eszenak lotura estuak zituen Britainia Handiarekin eta AEBrekin: bietan zeuden jogailu akustikoak, kanta tradizionalak eta mezu sozialeko blues musika gustuko zuten folk-zaleak. -
Rapa, Hip-hopa eta MC-inga
Afro-amerikar eta hispanoamerikar komunitateek Bronxen (New York, AEB) 1960ko hamarkadaren bukaeran garatutako musika estilo bat da. Breakdancearekin, grafitiekin eta DJekin batera, hip-hop kulturaren zutarrietako bat da. Beltzen auzo marjinalen inguruan sorturiko musika da. Erritmo markatu baten gainean errezitaturiko eskaera eta kritika sozialez beteriko hitzak dira haren ezaugarri nagusietakoa. -
Soula
Ameriketako Estatu Batuetako komunitate afro-amerikarrak sortu zuen, 1950eko hamarkadan eta 1960ko hamarkadaren hasieran. Gospelaren, Rhythm Bluesaren eta jazzaren elementuak batzen ditu. Soul musikaren ezaugarri nagusiak erritmo itsaskorra, bakarlariaren eta koruaren arteko lkarrizketa eta inprobisazioa dira. 60ko hamarkadan, soul musika hedatzen hasia zen. -
Punka
1970eko hamarkadan agertu zen musika estilo bat da. Musika estilo bat izateaz gain, stablishmentaren kontra jotzea helburu duen kultur mugimendu bat ere bada. Hasierako garaietan, haren sinpletasunagatik eta gordintasunagatik ezagutzen zen punk musika: apaindurarik gabeko melodia sinpleak, boterearen kontrako edota politikari buruzko kantu laburrak, soinu 'zakarra' eta rock musikan oinarrituriko tempo azkarra ziren punk taldeen ezaugarri orokorrak. -
Rock gogorra
1960ko hamarkadan sortutako rockaren azpigenero bat da. Hitz bortitzak, gitarra elektriko distortsionatuak, baxu elektrikoak eta bateriak ditu ezaugarri nagusiak. Estilo horren sortzaileak langile-mugimendutik sortu ziren, eta ile luzea, arropa bakero estua eta metalezko errematxeak dituzten eskumuturrekoak dira haien irudi. 1970eko hamarkadan hedatu zen, Led Zeppelin, The Who, Deep Purple, Aerosmith, AC/DC edo Van Halen eta Queen taldeei esker. -
Reggea
1970eko hamarkada reggae musikaren urrezko aroa izan zen, bai musikari eta bai eduki eta sentimenduei dagokienez ere. Musika jaioberri haren indarra geldiezina zen, eta mundu osora zabaldu zen, besteak beste Bob Marleyren moduko abeslari eta musikari apartei esker. Reggae musikak lotura estua du rastafarien erlijioarekin. -
Diskoa
1970eko hamarkadan jaio zen, AEBko eta Kanadako diskoteketan, eta rhythm and blues, funk, soul eta musika psikodeliko generoak nahastuta sortu zen. Hamarkada hartako amaiera aldean izan zuen urrezko garaia. Estetikoki eta janzkerari dagokionez, oso ongi nabarmendutako hiri-tribu bat osatu zuen: elefante hankadun galtzak, emakumeentzako takoi altuko zapatak, jaka zuriak, kolore nabariko atorrak eta abar. -
Heavy metal
Hauek dira heavyaren berezitasunak: erritmoen abiadura eta indarra, bolumen altuak, gitarran oinarrituriko soinuak, gitarraren distortsioa (soinu heavy eta boteretsu hori lortzeko), soloak, gitarraren soinua aldatzeko teknologia berriak erabiltzea...
Hitzei dagokienez, iluntasuna, gaizkia, botere-eta apokalipsi-gaiak erabiltzen dituzte bizitzako arazoak adierazteko. -
New wave
Ingalaterran, punketik post-punka etorri zen. New wave ere esaten zaio, eta post-punka ausartagoa eta artistikoagoa zen. 1978an, The Sex Pistolseko John Lydon (Johnny Rotten) abeslari ohiaren Public Image Ltd. taldeak eman zion hasiera mugimenduari. -
Alternative eta Indie mugimendua
Alternative musika 1980ko hamarkadaren hasieran sortu zen, musika-joera nagusitik kanpo geratzen ziren taldeak sailkatzeko. -
Grungea
1980ko hamarkadaren bukaerarako, hard rocka eta glam metala nagusitzen ziren rock irratietan. MTV sortu zen, eta, haren bidez, estiloa edukia baino garrantzitsuagoa zelako pertzepzioa zabaldu zen. Horrekin gustura ez, eta musikari gazteek glam metalaren eta arena rockaren kontra jo zuten, amorruak eragindako musika sortuz.